EUSKARAZ ? BAI, NOSKI ! ADMINISTRAZIOAN?

By zumarragakoanv

Espainiako konstituzioa (1978) : euskara eta gaztelania dira  Euskal  Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ( 3. artikulua ).

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa, EAEko Autonomia Estatutua : Komunitate Autonomiko Erakunde Amankomunek bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren medioak eta neurriak erabaki eta baliaraziko dituzte. Hizkuntza dela eta, ez da inor gutxietsiko. ( 6. artikulua ).

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko legea, Euskararen legea : Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokaturiko herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute. ( 8. atala ).

86/1997 Dekretua, Apirilaren 15ekoa, EAE-ko Herri-Administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena : EAE-an dauden Herri Administrazioekin euskaraz jarduteko eskubide osoa du herritarrak eta, beraz, eskubide hori bete dadin, herri-aginteek, nork bere esparruan, euskara zerbitzu zein lan-hizkuntza modura normaltasunez erabiltzeko hartu beharreko erabaki guztiak hartuko dituzte ( 1. artikulua ).

Eusko Jaurlaritzak 1998ko Uztailaren 28an onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.

Zenbat urte pasa dira lege hauek onartu zirenetik ? Euskararen legeak, esate-baterako, 25 urte beteak ditu. Eta zein da euskararen erabilpena gaur egun Zumarragako Udalan ?

Maiatzeko Udal Hauteskundeak izan zirenetik 7 hilabete igaro diren une honetan egiaztatu dezakegu erabat sinbolikoa dela, folklorikoa?.

Batzordeetako deialdietan aztergaiak bi hizkuntzetan adierazita daude baina martxan dauden 14 -batzordeetatik, bietan bakarrik ( Nekazaritza eta Euskara)  egiten dira aktak bi hizkuntzetan, beste guztietan gaztelania hutsean. Eta, horrelako perlak entzun behar izan ditugu bi hizkuntzetan azaltzeko eskaera egin ezkero : “PODEIS ESTAR CONTENTOS DE QUE SE OS DEJE HABLAR EN EUSKERA(. . . . )” . Eta gure galdera hauxe da : batzorde guztietan dauden idazkariak beharrezkoa den perfila badute, zergatik ez da betetzen aipaturiko legeek diotena?  Nork bermatu behar du hori?

Horrez gain, udalbatzak, hau da, plenoak ( bertan egon ez arren UTBn ikusteko aukera ba dago )  %90ean gaztelaniaz egiten dira; jakina, ANVko ilegalak, betikoak, nabarmendu egin behar dira, euskaraz egin beharra daukate : uf!  A ze txapa! Lehenengo euskaraz, gero itzulpena gaztelaniaz . . . . . . . . ESTO SE ESTA ALARGANDO MAS DE LA CUENTA, TOTAL; SI TODOS ENTENDEMOS EL CASTELLANO! Hori bai, itxura mantendu beharra dago :  haseran alkate jaunak , arratsalde on denoi ( BUENAS TARDES A TODOS ) . . . . Hau erabat normalizatuta dago ekitaldi publiko gehienetan eta gure galdera hauxe da : Ba al da inor herrian hau itzuli gabe ulertzen ez duenik ?  Ondoren, aztergaiaren izenburua euskaraz, eta jarraian esaten den guzti-guztia gaztelaniaz.  “Idazkaria, mesedez, botazioa” bukatzeko. Ohartxo pare bat :  “Agurtzane jauna” entzuten dugunean euskaldunoi belarriak dardarka jartzen zaizkigu, Agurtzane anderea  bait da euskaraz. Konparatzeko, esango bagenu : “señora alcalde”  ? . . . . . . .  Bigarrena : alkateak euskararekiko duen  borondatea zalantzan jarri gabe, “bateonbat nahi du gauza bat esan” adierazteko hamaika modu daude eta ba da garaia, dauden baliabideak erabilita, hori zuzentzeko. Euskaraz egiten den apurra , behintzat, zuzena izan dadila.

Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu. Aspertuta gaude beti eskale moduan ibiltzen gure herrian. Zer dela eta? Gure eskubideak betetzen ez direlako. Ez dugu azaleko kanpainarik nahi, ez dugu letra handitan ikusi nahi denok euskararen alde gaudela, praktikan euskaraz bizitzeko aukera gutxi ematen  bait zaigu. Euskara gure herriaren ondare bat dela esaten dutenean, zer esan nahi da? . . . . . . . . . Euskaldunontzat ondare bizi bat da, komunikatzeko tresna, beste edozein hizkuntzaren  parekoa. Euskaraz  ikasi, lan egin, aisialdiaz gozatu, haserretu,  elkarbizi, maitatu,  . . . . . . . . . . . . . . herriaren dinamikan parte hartu nahi dugu: Administrazioak edo herri-aginteak bere esku dagoen guztia egin beharko du euskararen erabilpena ziurtatzeko.

Bete dadila Anje Duhalderen abestian euskarak  aldarrikatzen duena : MAITA NAZAZU GUTXIAGO, GOZA NAZAZU GEHIAGO.

Escribe un comentario